21 octubre, 2010


Arnas estuak kale ilunean, pixa usaindun kale estuan. Elkarren konpainia nahikoa zuten etsai guztiei aurre egiteko, baita lekurik nazkagarrienak atsegin bihurtzeko ere.

Hotza arnas estu haiek izoztuz agertu zen, biek ke zurixka zeriotela ahotik. Beroa ezin ikus zitekeen, baina bai igarri, antzeman, sentitu.


Kamiseta barrutik eskua sartu ordurako, neskaren azalak erantzun egin zuen, bai taktuaren goxotasunagatik baita tenperatura baxuaren eraginez ere. Oilo-ipurdi bolada batek astindu zuen bere gorputz argala, oinetatik hasi eta bururaino.

Betiko txokoak ez zirudien leku aproposa egun haietarako. Udako gau zoragarri asko eman zituzten han, bai, baina azaroa ez zen beraietaz errukitu eta kale izkinari epeltasuna xurgatu zion bortizki, gupidarik gabe.


Barrualdeak erropaz askatzeko eskatzen zien, hantxe bertan, arin eta etenaldirik gabe. Neska, ordea, dardaraka ari zen jada, eta ez plazerragatik hain zuzen ere.

Eskuak elastiko azpitik atera eta gogor estutu zuen mutilak neska bere bularrean, inguruko hotzetik babesteko.

Pasio adierazpen guzti horren atzean, ostera, malgutasuna galtzen ari zen maitasuna ezkutatzen zen. Hasierako gogo guztiak higatuak ziruditen eta errutina menpeko erlazio batean erortzen ari ziren, erosotasun hutsagatik aurrera egiten zuena.


Ez zen hori beraiek hasiera batean espero zutena; etorkizunera begira egindako planek ez zuten errutina barne hartzen, abentura, emozio eta sentimendu hutsak baizik.

Gauetan oheak bero jarraitzen bazuen ere, hotza zen errealitatea handik irtetzean.


Neskak ere mutila besarkatu zuen, gerritik estu-estu eginda, amaiera usainak pixa usaina ordezkatzen zuen bitartean.

1 comentario:

  1. Haltzak ere, baduela bihotzik pentsatu beharko genuke.

    ResponderEliminar