Denboraren presioa sentitzen du gainean. Urteak aurrera egiten duten bitartean, betiko lekuan jarraitzen duela iruditzen zaio, oinak beharrean sustraiak izango balitu bezala, leku berean finkatuta egotera derrigortzen duten sustraiak. Denbora, inoiz bere alde agertzen ez den elementua, eta gizartea, bera bezalako jendeari lekurik ematen ez dion gizarte hotza, zurruna, arimarik gabea.
Txikitatik izan du bakardadea lagun. Berari egokitu zitzaion arraro papera antzeztea, baina baita gustura onartu ere. Eskailerak zenbatzea zuen gustoko, urduritasuna arintzeko terapia bezala ere erabiltzen zuen, eta letrekin jolastea: norbaitek hitz luzeren bat ahoskatzean, segituan eragiten zien atzamarrei hitz horretan zenbat silaba, letra edo bokal berdin ezkutatzen ziren jakitzeko. Gaztelaniako irakasleak "murciélago" hitza ahoskatu eta bokal guztiak zituela ohartu zenean, bere gaztelaniazko hitz gustokoena izango zela erabaki zuen. Bere inguruan, ulertezinak ziren Helena txikiaren zaletasunak.
Itxuraz ere ez du hemengo kanona jarraitzen; kizkur laranjak buruan, ia begi beltzak estaltzen dizkioten kizkur laranja biziak, eta beste ezerrentzat lekurik uzten ez duten pekak azal zurbilean, txiki-txikiak eta bata bestearengandik oso elkartuak.
Agian, horregatik ez da zorigaiztoko sentitu betidanik, hasiera batean bakartze hori gogo onez onartu zuelako. Orain, ordea, zorigaiztokotzat du bere burua. Jada ez dio inongo xarmarik aurkitzen "murciélago" hitzari, eta eskailerak zenbatzea baino zerbait gehiago behar du bere urduritasun guztiak astintzeko.
Hogeita hamar urteak aspaldi pasatxo, munduko biztanle, bizileku finkorik ez baitu oraindik aurkitu, familiarik gabe, lagunik gabe, bikoterik gabe. Lanbide fijorik gabe. Hauek ez dira gizarteak egun ezartzen dituen arauak. Jadanik ezkonduta behar zuen eta bi seme-alabarekin gutxienez, etxe eder bateko hipoteka pagatzera kondenatua, kotxe txiki gorri baten jabe eta, txakurra atean zain duelarik, etxera sartu egunero familiarekin sutondoan batzeko. Indie edo alternatibo etiketa zintzilikatu izan dio bere buruari denbora luzez eta ohiturak ez errespetatzeaz arro sentitu izan da, baina bakardadearen pisua eramangaitza egiten hasi zitzaion hogeita hamar urteetako krisia heltzearekin batera. Erlojuaren orduak, minutoak, segundoak adierazten dituzten makiltxoak gorputzean polikika iltzatzen zaizkio, orratzak balira bezala sentitzen ditu eta min jasanezin honek beti bidaiatzen du berarekin, denboraren zauriak arintzen dituen sendagai bakarra denbora bera baita, edo agian zoria. Helena zoritxarreko arima bat besterik ez da, orduen zenbakiak gorrotatu eta liburu zein abestien letrak maite dituena.
Okerreko bidea hartu zuela pentsatzera iritsi da, oreka utopia bat dela eta ameslarientzat lekurik ez dagoela bere inguruan. Burua alde batera edo bestera okertzeak ez du garrantzirik, inoiz ez baitu bera eroso sentiaraziko duen tokirik ikusten, ezta zirrikitu miserable bat ere.
Bi taldetan banatzen du jendea Helenak: ameslariak eta ez ameslariak, zoriontasunerako bide luzea edo motza hautatzen dutenak.
Bera lehen taldekoa zela uste zuen, mundura kamikaze modura jausi egiten duten horietakoa, askatasun egarriz etxetik ihes egiten dutenetakoa bidearen luzerari erreparatu gabe. Goiz jantzi zituen hego erraldoiak eta hegan abiatu, baina bizitza uste baino joku arriskutsuagoa dela egiaztatu du denborarekin, erraz irabaz baitaiteke, baina are errazago galdu, mindu, hondoratu. Mota guztietako zauriak ditu gordeta bere arima txikian gure Helenak, bakardadeak eragindakoez gain, amodio kontuengatik asko sufritutakoa ere baita.
Maitasunak akabatu du Helena hein handi batean. Familia, lagunak eta bikotea maitatzean indarrak agortu zaizkio, eta baita alferrik agortu ere. Maitasuna zuregandik urre nahi duzun jendea zaintzean datza, jende hori errespetatzean eta, beti ez bada ere, noizean behin zure bizitzan zein paper garrantzitsua jokatzen duten gogoraraztea. Maitasuna maite duzun pertsonengandik ere maitasuna jasotzean datza, merezi dutenei maitatzea. Eta, nola jakin nork merezi duen gure maitasuna? Haragia sutan jartzea nahitaezkoa da, eta maitatua izan behar ez duen jendearen pasibitatearekin erretzea ere ezinbestekoa da. Gerora, erredura hori izango da gure maitasun eskaintzari neurria ipiniko diona berriro ez erretzeko. Malko gutxi batzuek, edo askok, erreduraren mina arinduko dute polikika; honen tamainaren araberakoa izango da malko kantitatea.
Zauri horiek garraiatzearen etsipenak bere lekua zalantzan jartzera eraman dute Helena, bere benetako tokia bigarren taldean ote dagoen pentsatzera. Azken batean, bi taldeak ez dira hain ezberdinak. Batzuk zoriontasun azkarra aurkitzea dute helburu, bidekoari erreparatu gabe; besteek, ordea, bideko plazerez eta ikaspenez gozatzeko denbora hartzen dute, helmugara heltzeko inongo presarik gabe. Baina, helburuak berdina izaten jarraitzen du eta Helenak bidez nahasi ote den galdetzen dio bere buruari, azken txanpa zeharo gogorra egiten ari baitzaio.
Bere sentimendu festa zoroei soluzioa emateko asmoz, soluzio eroak eta baita azkarrenak, drogei gogor emandakoa izan zen garai batean. Batzea lortzen zuen diru kopuru txikiak edozein zikinkeriatan xahutzen zituen bi egunetan, bihotzeko eta arimako minetik askatzeko; horrek, ostera, burukominak eta goragalea besterik ez dute ematen trukean, eta momentu batean bazkaltzea edo drogatzearen artean aukeratu behar izan zuen. Jatea hautatu zuen, baina oraindik ere ez dio ezetzik esaten zerbait musutruk eskeintzen dionari.
Horixe da gaur gaueko plana: leporaino dohainik sartzea bihotzeko zama arintzeko, buruko korapiloak askatzeko, denbora tarte txiki batez bada ere bere arimarekin bakeak egiteko beharra baitu.
Orain gutxi taberna txiki batean lanean hasi da eta bertara bidean doa, gaur rock kontzertua izango baita han.
Eta heldu da. Eta keak bere gorputz hezurtsua inguratu du. Eta alkoholdun edari merkeenaren basokada bat eskatu dio lankideari. Eta aurrerago komunera joateko gonbitea onartu du, hauts magikoen deiari ezin uko eginez. Eta leku hartu du rock abeslariaren aurrean. Eta...
Eta bizitzea ahaztu zaio; hain dago arduratuta bere arazo guztiekin, bere zorigaiztoko sentimendua garraiatzearekin, denbora gorrotatzearekin, bizitzea ahaztu zaiola. Ezin izan ditu abestea eta arnasa hartzea bateratu eta abestia amaitzerako ito egin da. Nahiago izan du abestiaren letra ahoskatzen jarraitu birikak oxigeno zikinez bete baino.
No hay comentarios:
Publicar un comentario